2013/05/17

GOIAN BEGO...

Ez dut inoiz zerua eta infernua dagoela dioen hori sinetsi. Ez dut inoiz bizitzaren ondoren zerbait datorrenik uste izan. Baina, genuena oso ona ez bazen ere, datorkiguna (hobe esanda, datorkizuena) argi dut non kokatu.
Barkatu, aldez aurretik, artikulu honen tonua ezkorra eta malenkoniatsua baldin bada (nire lan etorkizuna beltz ikustearen ondorioz izango da, apika), baina gaur hezkuntza sistemaren zoria kolokan jarriko dute. Eta, esan beharra dut, ez dudala oraingoarekin erabat bat egiten baina, gaur LOMCE delakoa onartuko dela aurreikus daiteke (orain arte, behintzat, ez nuen horren zalantza izpirik, Wert jauna) eta honek ez du onera egingo, nik uste.
Ikasle gehiago, lan ordu gehiago, baldintza kaskarragoak, soldata baxuagoak... Baina, zer da hau?
Zer lortu nahi dute?
Gainera, zenbait ikaslek hori nabari ez duen arren, jazo diren murrizketak haiei eskeinitako klaseetan nabari ez daitezen saiatzen gara: azterketa kopuru berbera eginez, denen galderei erantzuten saiatuz, zuzenketak eginez... (Buf...!)
 Baina, hala ere, irakasleok egindako lan mardul hori ikasleek esker txarrez hartzen dutelakoan nago (gaude). Etsaitzat gaituzte: lan egitera behartu eta haien zoriona zapuztuko duen borrerotzat.
Hau hala bada, okerrean ez banago, nik...  txerri haztegi bat jarri nahi dut (animaliek ordutegi finkoa badute ere, eta egunero lan egin behar bada ere, haiengandik ordainean jasotakoa atseginagoa izango da); edota lore denda bat (politak, atseginak...Lana inoiz etxera eraman behar bada, etxekoak alaituko dituen oparia izango baita); lurrin denda bat, akaso? (azken hau Euskara mintegikoek ulertuko dute, kar-kar-kar); finlandiera ikasi eta hara joan? Batek daki.
Dena dela, gaurtik aurrera datorkiguna datorkigula, egingo dituztenen murrizketen gainetik,  irakasteko grina ez zait itzaliko, gaur bezalako ostiral beltzetan guraize hotz horiek etorkizuna eta aldartea mozten badidate ere.

















ARIKETAK:
  1. Erantzunik utzi nahi? Zer diozue? Zein da gai honen inguruan duzuen iritzia? Argudio testu bat idatz dezakezue
  2. Iritzi artikulu honekin ariketa hauek ere egiten saia zaitezkete:
            - Testuaren eskema atera 
            - 10 aditz aukeratu eta  analisia egin
            - 10 izenen deklinabide kasua eta numeroaren taula osatu

Asteburu on!

1 comentario:

  1. Guk egin behar duguna honen antzekoa izan behar da ez?Baina guk aukeratutako gai batekin edo orrialde honetan dauden gaiekin?

    ResponderEliminar