2013/03/24

2 hilabetetxo

Blog hau sortu zenetik bi hilabete besterik ez dira pasa.
633 irabiltzaile, 633 "Eskerrik asko!"


2013/03/18

AHALERA

Hauek dira ahalerako NOR-NORK aditzak sortzeko beharko ditugun morfemak 
(pertsona izenordain bakoitzari dagozkion "txibatotxoak"):
-t
-k/n
-(0)
-gu
-zu
-zue
-te

Ulertu al zenuten atzoko ariketa? Ez? Ea horrela hobe ikusten dugun...
Hau lantzeko, ariketa hau eginen dugu denon artean.

-Orain zuen txanda!: Hartu paper bana.
                                  Margotu zutabe bakoitza kolore batez.
                                  Gure puzzlearekin jostatuz ikasiko dugu gaur!!

2 esaldi asmatu baherko dituzue (aditza idatzi ordez, utzi hutsune bat).
Ondokoari pasa eta hark idatzi beharko du dagokion aditza puzzlearen laguntzaz.



ERREPASOA

Deklinabide kasuak:
Gogoratu:
MOREAK, KASU GRAMATIKALAK
BERDEAK, IZENLAGUNAK SORTZEKOAK
URDINAK, GAINERAKOAK (ADLAG.)  

DEKLINABIDE KASUA
IZEN TEKNIKOA
NOR / ZER
ABSOLUTIBOA
NORK / ZERK
ERGATIBOA
NORI / ZERI
DATIBOA
ZERIK
PARTITIBOA
NON / NORENGAN
INESIBOA
NONGO / NOREN BAITAKO
LEKU-GENITIBOA
NONDIK / NORENGANDIK
ABLATIBOA
NORA / NORENGANA
ADLATIBOA
NORANTZ / NORENGANANTZ
HURBILTZE-ADLATIBOA
NORAINO / NORENGANAINO
MUGA-ADLATIBOA
NOREN / ZEREN
(JABEGO / EDUTEZKO) GENITIBOA
NOREKIN / ZEREKIN
SOZIATIBOA
ZEREZ / ZERTAZ / NORTAZ
INSTRUMENTALA
ZERENGATIK / ZERGATIK/ NORENGATIK
MOTIBATIBOA
NORENTZAT / ZERENTZAT
DESTINATIBOA
NORTZAT / ZERTZAT
PROLATIBOA 

1. ebaluaketan landu zenituzten deklinabide kasuak (singularrean, pluralean eta mugagabean
eta badituzue ariketak errepasatu ahal izateko,
 baina,
 hala ere, 
hauek dira berriz landu beharreko taulak



 
etxean ariketa gehiago egin nahi/behar baduzue,
 klikatu hemen
(on line egiteko ariketak dira, momentuan bertan zuzentzekoak)
Baliagarriak izango dituzuelakoan nago.

2013/03/13

EGA - Idatzia- AHOLKUAK

  • Saia zaitez jarriko dizuten gaia asmatzen. Kontuan izan aztertzaileak arazo bera izaten duela gaia aukeratzeko orduan, eta, horrelakoetan, gaurkotasuneko gaietara jotzen duela gehienetan (egunkarietako berriak, aldizkarietako artikuluak...).
  • Praktikatu behin eta berriro, eta, ahal izanez gero, azterketaren baldintzak errespetatuz (denbora, luzera...). Gero, aberasgarria izan daiteke dakien bati testua ematea eta zuzentzeko eskatzea.(HAU EGIN DUZUE!)
  • Honaino helduta, ohartxo bat: azterketara prestatuta eramaten diren idazki-zatiei (sarrerak, amaierak) igarri egiten zaie normalean. Batzuetan, tokiz kanpo daude; beste batzuetan, ez dute zerikusi handirik idazlan osoaren maila eta tonuarekin. Hitz batean: ez zaizue komeni horrelakoetara jotzea ongi egiten ez baduzue. Horrek ez du esan nahi, jakina, den-dena inprobisatu behar dugunik. Zenbait gauza landuta eraman daitezke, adibidez, esaldien arteko lotura batzuk etab.
  • Prestatu ondo azterketara eraman behar duzun materiala: karneta, boligrafoa, ezabagailuak...
  • Aztertzaileek gai edo egoera bat proposatuko dizute idazlanean, eta zuk egoera hori benetakoa balitz bezala jokatu behar duzu. Demagun zinegotzi bati idatzi behar diozula zerbaitetarako.
    Idatziozu, ba, serio, eta egiazko gutuna bidaliko bazenio bezala, aztertzaileak zinegotzia bailitzan begiratuko baitio mezuaren funtsari. 
  • Banatu denbora, hiru ekintza hauek kontuan izanik: eskema, idazlana bera eta zuzenketa. Eskaini aldi bakoitzari merezi dituen minutuak. 
  • Eskema egiten emandako denbora ez da lan alferra; izan ere, eskema on batek gaiaren garapen egokia ziurtatzen du, eta inprobisazioa baztertzen. Bestela, ideiak agortu, eta agindutako lerroak idatzi nahian, noraezean ibiliko gara eta betelanean hasiko.
  • Errespetatu ematen dizuten gaia eta proposatzen dizuten idazki-mota. Ez tranparik egin. Ez hasi gai berriekin; harira jo.
  • Irakurri arretaz azterketako oharrak, baina ez kopiatu hitzez hitz argibideetako esaldiak eta adibideak.
  • Idazten hasi baino lehen pentsatu ondo zein den idazkiaren helburua (informazioa ematea, zerbait eskatzea, konbentzitzea...), zein eragin sortu nahi duzun irakurleengan (harritzea, zure aldeko bihurtzea...), nolako tonua erabiliko duzun (formala...), eta abar. 
  • Aztertzaileek gutxieneko abstrakzio maila eskatu ohi dute. Istorioak, pasadizoak... ondo daude eta onargarriak dira, gaia eta argudioak biribiltzeko. Baina, maiz, idazlana anekdotetan oinarritzea adierazpen pobreziaren erakusgarri izan daiteke. 
  • Komunikagarritasunak izan behar du gure helmuga. Aztertzaileak behin bakarrik irakurri beharko luke esaldi bakoitza; hortaz, ez luke zertan ibili saltoka esanahiari antzemateko. Hori dela-eta, testua zuzentzerakoan kontuan izan behar dugu guretzat argi eta garbi adierazita dagoena irakurlearentzat ilunagoa izan daitekeela. Beraz, zalantzarik badago, hobe berridaztea. 
  • Ahalegindu zaitez letra onez idazten aztertzaileak ez nekarazteko; eta, aukeran, letra txikiz; bestela, aztertzaileek ezin dute neurtu nola erabiltzen dituzun letra larriak. 
  • Izenburuak, azpi-izenburuak, oinoharrak eta horrelakoak lagungarriak izan daitezke testua egituratzeko. 
  • Ona da papera aurreztea, baina utzi arnasten testuari! Marjinak eta zuriuneak eskertzekoak dira, gutxiago idazteko aitzakia gisa hartzen ez badira, behintzat. 
  • Idazlanen ehuneko handi batek “ohiko” hasiera izaten du, adibidez: Gaur egun argaltzea da gure gizartea gehien kezkatzen duen gaietariko bat. Ez ahaztu lehen lerroaldeak aztertzailearen arreta erakartzeko balio duela, eta bide ugari dagoela horretarako; horietako bat, originaltasuna. 
  • Idazlanaren azken lerroaldearekin agur egiten diozu aztertzaileari. Presaka ibili arren, testu bat ezin da edozein modutan amaitu. Ahalegindu zaitez, beraz, zure idazlanari nolabaiteko betetasuna ematen.
  • Idatzian aurrera egin ahala, kontzentrazioa galdu egiten da askotan, eta, horren ondorioz, akatsak pilatu egiten dira bukaeran. Eutsi kontzentrazioari, izan ere, hasiera onek ez dute ezertarako balio, behin erdialdera helduta hanka-sartze guztiak biltzen badira.
  • Idazten ari zarela, aukeratu hitz egokiak eta zehatzak, azaldu nahi duzuna adierazteko. 
  • Gehienez ere 20-25 hitzeko esaldiak idaztea komeni da ideiak jorratzeko. Edozein modutan ere, monotonia hausteko, esaldi luzexeagoak eta laburtxoagoak tartekatu, erritmoarekin jokatuz.  
  • Testuaren baitan perpausek elkarri uztarturik egon behar dute; eta lerroaldeen artean ere halako lotura bat beharrezkoa da, horrek bideak urratzen baitizkio ideien garapenari.  
  • Arestian esan dut idazten hasi aurretik garbi izan behar dugula zein den gure helburua eta baita testuan barrena erabiliko dugun tonua ere. Hori horrela, zenbait idazki formaletan tokiz kanpo egon daitezke honelako esamoldeak: kristona, demasa ...  
  • Azterketari askorentzat, puntuazio-zeinuak jartzeko garaian, eta kasurik hoberenean, koma eta puntua besterik ez dago; eta, batzuetan, gaizki erabilita. Gogoratu bestelako zeinuak ere hortxe ditugula eta testua antolatzen laguntzen digutela: galdera eta harridura markak, efektu erretoriko batzuk sortzeko; parentesiak eta marra luzeak, azalpenak esaldi nagusitik kanpo ateratzeko; eta horrela... asko eta asko.
  •  Egitura batzuk, nahigabe, errepikatzeko joera daukagu, eta testuak -(e)larik, -z, bait eta horrelakoez betetzen dira. Azterketa egin baino lehen, aztertu zein diren zure errepikapenak eta saiatu kontrolatzen eta parekoak bilatzen.  
  • Aztertzaileak ezin du jakin zuk esaldi bat izan duzula buruan eta ez duzula asmatu behar bezala idazten. Ideia bat emateko modu asko dago, eta bide batetik abiatuta irteerarik aurkitzen ez baduzu, atzera bueltatu eta berridatzi beste era batera. Azken batean, zeuk kontrolatu behar duzu arriskua eta, beraz, idazkia; ez alderantziz.  
  • Azterketa egin behar duen jende askok uste du gramatikako zailtasunetan oinarritu behar duela bere idazlanaren garapena; hau da, zenbat eta subjuntibo eta baldintza gehiago sartu, orduan eta aukera handiagoa izango duela aztertzaileak liluratzeko, eta ondorioz, azterketa hori gainditzeko. Kontuz horrekin. Idazlan bat ezin da aurrera atera, gelan edota euskaltegian ikasitako guztia biltzeko aukera izango balitz bezala. Idazlan batean gai bat jorratu nahi dugu ideia batzuen bitartez; horrenbestez, hasierako eskeman jasotakoa garatzera jo behar dugu, ustez nota ona eman behar diguten baina tokiz kanpo egon daitezkeen kontuak bazter utzita.  
  • Idazten ari zarela, gelditu noizean behin (paragrafo bat bukatzean), irakurri idatzitakoa, eta gustura ez bazaude, berridatzi. Berriro ere gogoratu irizpide nagusia: irakurtzerakoan, zu zeu, trabatuta geratzen bazara, seinale txarra.
  • Amaitzeko hamar edo hamabost minutu falta direnean hasi zaitez zuzentzen, eta ahal baduzu, modu sistematikoan (ortografia, joskera...).  
  • Arreta handiz  begiratu aztertzaileek ere arreta handiz begiratuko dituzten gauzak (ergatibo markak, pluraltzaileak, komunztadura, erdarakadak ...), edota etxean edo klasean egiten dituzun idazlanetan gehien errepikatzen dituzun akatsak (ergatibo pluralak, erlatibozko esaldiak eta konpletiboak nahastu...).  
  • A!, ez ahaztu: aldaketa bat egiten duzun bakoitzean, begiratu ea nahi gabe arazoren bat sortarazi duzun komunztaduran.
    Aholkuak aholku, hona hemen azken gomendio bat, programatik kanpokoa, baina, nire ustez, garrantzitsuena:  
    gozatu idazten eta idatzi gozatuz
    Azterketa batek egoera larrian jartzen bazaitu ere, ez ibili estu eta larri: saiatu aztertzaileei erakusten zein ondo idazten dakizun. (eta zuek oso ongi egiten badakizue!!!)
    Kristine.
     

LIBURUA

3. hiruhilabetean irakurri beharko duzuen liburua Ainara, Saioa eta hiruron artean aukeratu behar dugu.
Oraindik ez dugu erabaki zein izango den (hurrengo astean esango dizuegu, ziur!), 
baina hemen dituzuen hauek interesgarriak izango dituzuelakoan nago.


EMAN EUSKARA ELKARRI!!!

Ostiralean, KORRIKA dela eta, klaseak 5. orduan bukatuko dira. Gero, motxilak soinketa gelan utzi, eta 18. KORRIKAri harrera bikaina egitera aterako gara.
Motxilak nahi duzuenean har ditzakezue, ikastetxea 9ak arte egonen baita irekirik.  
 (Giltzak, telefonoak, MP3-4 eta delakoak, EZ UTZI motxiletan)
Gogoratu autobusak eguneroko orduan etorriko direla zuen bila,
beraz, 
ez zaitezte oso urrutiraino joan!
Bitartean, 
EMAN EUSKARA ELKARRI!!!

EGA-Idatzia zuzentzeko fitxa

 Hau da lehen aipatu dugun fitxa. Klikatu HEMEN, eta zuzenean irekiko zaizue.